XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Morfologia berri honi dagokiolarik, dagoenekoz geruza bi daude (maila diploblastikoa), ektodermoa kanpotik eta endodermoa barnealdean; gainera, badirudi geruza bi horiek garapen-gaitasun desberdinak dituztena, eta horregatik, orri blastodermiko edo orri germinatzaile izenez bataiatu dira.

Ektodermoak nerbio-sistema eta kanpo-epitelioak sortuko ditu, endodermoak liseri-hodia.

Gastrula diploblastikoaren mailan bukatzen da knidario eta ktenoforoen garapen enbrionarioa, ostetik animaliaren haziera arrunta datorrelarik.

Lakainketa bezalaxe, gastrulazioa bitelo-kopuruaren menpekoa da guztiz, eta hori dela eta, gastrula itxuratzeko higidura morfogenetikoak zidor desberdinetan zehar gerta daitezke.

Modu arrunta inbaginazioa izaten da: blastulako polo begetatiboaren aldean, geruza hondoratu egiten da, arkenteron delako barrunbea eraturik, zeina, kanpoarekiko blastoporo izeneko irekiuneaz komunikatuta bait dago.

Arkenterona da barrunbe gastriko primitiboa, inoiz barrunbe orokorra deritzolarik.

Polo begetatiboko bitelo-kopurua handia deneko kasuetan, inbaginazioa ez da posible eta gastrula epiboliaz eratzen da, hau da, material ektodermikozko estalduraz.

Beste batzuetan, polo begetatiboko zelula solteek migratu egiten dute; kasu honetan gastrulazioa migrazioz izan dela esaten da eta ez da blastopororik eratzen.

Zenbait metazoo bakunetan ektodermo eta endodermoa soilik garatu arren, goi-animalia guztiek hirugarren orri blastodermikoa sortzen dute, hots, mesodermoa, antolakuntz maila triploblastikokoak direlarik.

Mesodermotik, eskeleto, muskulatura, zirkulazio-, eskrezio- eta ugal-aparatua eratorri dira beste batzuen artean; halaber, mesodermoa zelomarekin guztiz erlazionatuta dago.

Begi bistakoa denez, mesodermoak ahalmen ebolutibo nabaria bilakatu du.

Hirugarren orri hori, endodermoko elementuez garatuko da.

Modu bitara ager daiteke: teloblastia bidez edo enterozelia bidez.

Enterozelia bidez denean, blastoporotik hurbil dauden endodermoko zona simetriko bi inbaginatzen dira blastozele obliteratuan, mesodermoa sortuz.

Era honetara, mesodermozko besikula enterozelikoak garatuko dira, eta, hastapenetan arkenteronarekin komunikaturik bazeuden ere, isolatu egingo dira geroago mehargune batez.

Besikula hauen hazkundeaz, zaku bihurtuko dira, blastozele osoa beteko, eta polo animalaren aldetik elkarrekin topatuko dira eta agian fusionatuko; bestela, trenkada mesodermiko bat, hots, mesenterioa gera daiteke alde somatikoa eta biszerala loturik.

Zeloma dagoenekoz eratuta dago (hain zuzen, mesodermoz hesiturik dagoen barrunbe hori da) ektodermo eta endodermo artean.

Kasu honetan, bada, mesodermoa eta zeloma aldi berean garatu dira, eta beraz, animalia triploblastiko zelomatuak sortarazi dira.

Ekinodermatuak eta kordatuak hazten dira honela.

Mesodermoaren garapenerako bigarren prozesua, edasi denez, teloblastia da.

Honetan, zelula bi, hots, zelula protomesodermikoak, zeintzuak jatorriz endodermikoak bait dira, blastozele obliteratuan barrena hondoratuz doaz blastoporo inguruetatik hasita.

Bidean zehar, anizkoiztu egingo dira, eta kordoi protomesodermikoak eratu, ezker eta eskuineko xingola mesodermikoak osoturik arkenteronaren alde bietan.

Honela izanik, mesodermoarekin batera simetria bilaterala lortu da.

Maila honetan, jadanik, triploblastikoa da gastrula, eta platihelminte eta nemertinoen kasuan, organogenesi-prozesuarekin segituko da, animalia triploblastiko azelomatuak bait dira, zelomarik gabekoak alegia.

Halaber, mesodermoa teloblastiaz lortu duten zenbait animali talderen garapenak aurrera egiten du, antolakuntz maila desberdin bi lortu arte, pseudozelomatu eta zelomatuena.

Bietariko lehenengoan, teloblastiaz lorturiko mesodermoa, zeina, blastozele obliteratu osoa betetzeraino hazi bait da, delaminatu egingo da, hau da, trinkoa izatetik ektodermoaren kontra estratifikatzera igaroko da, eta ektodermoa tapizatuko du barnealdetik.

Honela, gorputzeko barrunbe orokorra eratuko da.

Baina, kasu honetan garaturiko barrunbe hori mesodermoz osorik inguraturik ez dagoenez (endodermo aldetik mesodermorik ez bait dago), pseudozele edo pseudozeloma izenez bataiatu da.

Nolanahi ere, jatorri desberdineko pseudozelomak egon daitezke, zelomatuen endakapenez sortutakoak adibidez.

Animalia pseudozelomatuak, esate baterako, nematodo eta errotiferoak dira.

Teloblastia jasan eta gero zeloma ekoizten duen prozesuari eskizozelia deritzo.

Honetan ere, blastozelea bete duen mesodermoak delaminazio-prozesua pairatuko du, baina geruza bitan antolaturik, bata endodermoaren aldetik, eta bestea, antagonikoki ektodermoarenetik.

Modu honetara itxuratutako barrunbe orokorra, benetako zeloma da (= euzeloma), mesodermoz guztiz inguratua da eta.

Dirudienez, bide hau segitzen dute molusku, anelido eta artropodoek zelomaren garapenerako.